domingo, 30 de octubre de 2011

Disgrafia eta disortografia

Disgrafia arazoak daudenean 3 motatako arazoak bereiz daitezke: alde batetik, badaude ikasleak naiz eta hitza ondo esan, hau ez dutenak zuzen idazten; beste alde batetik, badaude ikasleak hitza txarto esan eta hau txarto idazten dutenak; eta azkenik, hitza txarto esan eta ondo idazten dutenak. Laburbilduz, hitzak txarto idazterakoan esaten da disgrafia arazoak daudela. Kausak, fonologikoak izan daitezke, edo bestela lexiko edo ortografia arazoak izan  daitezke. Hitz hauek idazterakoan, hitzaren sorkuntzan, honen antolaketan eta honek daukan arau gramatikalean sortzen da arazoa. Beste arazo bat, arazo motorea izan daiteke, ikusmena eta mugimenduaren artean dagoen gaitzen batengandik mugimendu finak egiteko arazoak ekarriko bailituzke, eta honetan, hitza produzitzeko arazoa.
Disgrafia daukaten ikasleek ez dute beste arazo psikologiko, sentsorial, emozional, edo sozialik. Arazo honen ezaugarrien artean hauek egongo lirateke: jarrera desegokia, materiala hartzeko modu desegokia (arkatzak, boligrafoak...), hauengan egiten den indar desegokia, eta idazterakoan arineketan aritzea edota oso motel aritzea. Grafismoaren aldetik ere, arazo batzuk aurki genitzake, adibidez, oso hizki handiak egiteko joera, hauek etzanda egiteko joera, forma desegokia egitekoa, hauen artean tarte handiegia edo oso batuak egitea, hizki ezagutezinak egitea, eta guzti honen ondorioz, testu ulertezina. 
Arazo hau, 6-7 urteren inguruan antzemango litzateke, idazten ikasten duten momentutik aurrera egin beharreko garapenean ezintasunen bat ikusten denean. Diagnostikoa lehenago egitea ez litzateke aproposa izango, umearen garapenaren faseak kontuan hartu behar baitira.

Disortografia dagoenean, atzerapenen bat dagoen seinale da. Hau da, ortografian arazoak agertzen dira, normalean irakurtzeko gaitasunean gaitzen bat dagoelako. Disortografia arazoan bi maila bereiz daitezke, alde batetik disortografia txikia eta beste alde batetik, disortografia larria. Disortografia txikia denean, ikaslearen arau gramatikalen arreta faltagatik izan daiteke, askotan, artikuluen gabezia, pluraletan arazoak izatea edota ortografia akatsak izatea. Baina hau larria denean, ikasleak hitzak ez ditu jartzen edota hitz barruan hizkiak lekuz aldatzen ditu edo ez ditu jartzen. 

Arazo hauen kausak, lateralizazio arazoak, arazo motoreak, pertzepzio arazoak, ikaslearen izaera eta arazo emozionalak eta honen jarrera izan daitezke. 

Dislexia



Dislexia hitza etimologikoki hizkuntzaren arazoekin lotuta dago. Gaur egun, irakurtzeko dauden arazoekin lotzen da, ordea, irakurtzerakoan ikasleek ez dituzte hizki batzuk edo beste batzuk diren desberdintzen. Irakurtzeko zailtasun hauek dituzten ikasleek ez dute arazo psikologiko edo fisikorik hau azaltzeko, gainera, normalean ikasle adimentsuak izan ohi dira.
Dislexiaren gainean eginiko azterketa batzuk erakusten dutenez, hau sufritzen duten ikasleak gizartearen %10 - %15 dira, bai mutilak edo bai neskak. Honen gainean ez dago faktorerik azalpenik ematen digunik. Kasu batzuetan, ordea, herentziaz igarotako arazo bat izan daiteke. Neurologoen teoria batzuk diotenez, garunaren eskumako aldeak izan dezake honetan zerikusirik, non ikusizko informazioa prozesatzen den. Alde honek ez dio garunearen ezker aldeari, hizkuntza sortzen den aldeari, beharrezko informazioa transmititzen, eta horregatik ikasleak prozesatzen duen informazioa ez da zuzena.
Dislexiaren inguruan, mota desberdinak aurkitzen dira; eskuratutako dislexia (garuneko min baten ondorioz sortzen dena), eboluzionatu den dislexia (betidanik egon dena eta arrazoirik aurkitu ez dena) eta irakurmenaren atzerapena ( ikasleak adimen  murritza duenean).
Dislexia ebolutiboa dutenen kasuan, sintoma nagusia zein den kontuan izanda, 2 mota desberdin egon daitezke; dislexia fonologikoa (ikasleak ezagutzen duen hitza modu globalean irakurtzen du, hau sortzen duten zatiak kontuan izan gabe. Ondorioz, hitz berriak edo asmatutakoak irakurtzeko zailtasunak izaten ditu. Hau dela kausa, lexiko aldetik akatsak sortzen ditu, hitz deribatuetan akatsak egiten ditu, eta batzutan ikusitakoan ere hutsegiteak izaten ditu). Eta azaleko dislexia (Bide fonologikoa erabiltzen du ikasleak nagusiki, hau da, silabak bakarrik irakurtzen ditu. Ikasle hauek arazoak izango dituzte idatzitakoa eta irakurri beharreko hitzak bat egiten ez dutenean, adibidez ingelesean (write, hall...), edo gaztelanian U -g- edo -q- eta beste bokal baten artean dagoenean (guerra, quedar...). Azkenik, hizki hauek beraien artean desberdintzeko arazoak dituzte: g/j, k/c/qu, ll/y, b/v eta c/z. 

Arazo hau duten ingelez ikasleek, euskera edo gaztelera hitz egiten duten ikasleek baino arazo larriagoak izango dituzte ikaskuntzan, hizkuntza hauek duten gardentasunagatik. Horrela, hizkuntza batean edo bestean arazo hau sufritzeak larritasun maila bat edo beste bat izango du, eta honen diagnostikoa lehenagoa edo berantiarragoa izango da. 

Bideo honetan argi azaltzen da Dislexia zer den, dislexiak maila bakoitzean izan dezakeen arazoa zein den, noiz ikusten den dislexia dagoen ala ez, irakaslearen eta eskolaren papera zein den, eta zein estrategia eman daitezkeen kasu honetan:

http://www.youtube.com/watch?v=WEIFtjCC70U&noredirect=1

Ondorengo bideo honetan, dislexia arazoa duen mutil baten historioa kontatzen da komiki formatoan. Nahiz eta ingelesez egon, oso ondo ulertzen da. Bere sentimenduak eta gainontzekoek berari buruz pentsatzen dutena argi erakusten du bideo honek, eta diagnosi baten garrantziaz konturatzen gara.

miércoles, 26 de octubre de 2011

Ikaskuntza prozesuan dauden arazo nagusienak

Hasteko, ikasleek hizkuntzan arazoak izan ditzakete. Arazo hauek dituzten ikasleek ulermenean, hizkeran, adierazpenean eta irakurmenean arazoak izango dituzte. Arazo hau oso txikitatik ikusi daiteke, 12-14 hilabeterekin adibidez, umeak esandakoa ulertzen ez badu eta ondorioz honi kasurik egiten baldin ez badio edo proto-hizkuntzarik garatzen baldin ez badu; 2 urterekin ezarritako hizkuntza garatzen hasi baldin ez bada; 3 urterekin esandakoa ulertzerik ez badago edo oraindik esan nahi duena keinuen bidez adierazten baldin badu... Hau gertatzen dela ikusiz gero, umea pediatrarengana eramatea komeni da. Arazoen artean, hauek egon daitezke:
Disfonia; alterazio bat dago ahotseko tinbrean; Dislalia: fonemak edo soinuak alterazioa daukatenean, batzutan soinu batzuk alde batera usten dira. Disfasia: hizkuntzaren gaitasuna lortu ez denean, ez ulermenean, ezta honen ekoizpenean ere; Afasia: Garuneko gaitzen batek hizkuntzan eragiten duenean; Totelkeria: Hizkuntza zuzentasunez erabiltzeko arazoak agertzen dira, hau da, soinuak errepikatzen dira, askotan blokeoa sortuz; Farfaila: Hizkuntza modu oso azkarrean erabiltzen da, orduan, hitzak eta soinuak desagertzen dira. Ondorioz, ulermen arazoak ematen dira.
 
Ikasleek, pertzepzio arazoak ere izan ditzakete, hau da, ikusmen arazoak (miopia, hipermetropia, astigmatismo, presbiopia, daltonismoa, ambliopia, estrabismoa) edota entzute arazoak izan ditzakete (otitisa, gortasuna, zorne-jarioa, argizari tapoiak etabarrak direla kausa). Arazo hauek daudela ere kontuan izan behar da, urtero azterketak eginez eta espezialistaren laguntzaz hauei aurre egitenez.

Arazo sozio-emozionalak ere izan ditzakete ikasleek. Arazo hauetan faktore desberdinek parte har dezakete, adibidez, familiartekotasuna, bizi den testuingurua, honek hartzen duen afektibitate maila, ingurukoekin harremanak izateko dituen zailtasunak... guzti honek ikaslean eragina du. Honez gain, ikasleak arazo akademikoak dituela antzeman egiten du, eta honek, frustrazioa, asaldazioa, sentimentu ezkorrak eta autoestimu bajua sortzen dizkio. Sentimendu hauek portaera arazoak ere ekar ditzakete, autokontzeptu bajua, motibazio falta, portaera eroa, pertseberantzia falta, dependentzia edota obsesioa, besteak beste.

Ikasleek memoria falta ere izan dezakete, hau kontzentrazio faltaren ondorioa izan daitekeelarik. Arazo honen ondorioz, ikasleak ez ditu barneko eskemak ondo definituta, dena ahazten baitzaio, eta ondorioz, informazio berria ulertzeko arazoak ditu. Informazioa ez da buruan gordetzen. Hau lotuta egon daiteke hizkuntza gaitasun pobrearekin. 

martes, 25 de octubre de 2011

Ikaskuntza prozesuan zailtasunak nola antzeman


Ikaskuntza prozesuan arazoak, informazioa ulertzerako orduan, hau gogoratzeko orduan eta erantzuna emateko orduan eman daitezke. Arazo hauek duten ikasleek arazo larriak izan ditzakete: entzuteko, adi egoteko, hitz egiteko, irakurtzeko, idazteko, arreta arin galdu dezakete eta arazo matematikoak konpontzeko ere arazoak izan ditzakete.
Arazo hauek txikitatik daude, baina asko ez dira hautematen eskola garaia hasi arte, 5. urte inguruan.

Baina nola detektatu klasean arazoren bat duten ala ez?

Ikaslearen jarrerak berari buruzko informazio asko emango digu, baina horretarako oso adi egon behar gara. Goiz hautematen badira arazo hauek, ikaslearen garapenerako onuragarri izango da. Ikaslearengan faktore hauek ematen baldin badira, arazoren bat duten seinale izango da:
1) Ulertzeko zailtasunak eta lanak eta azalpenak jarraitzeko zailtasunak ditu.
2) Norbaitek esandakoa gogoratzeko zailtasuna du.
3) Zailtasunak ditu oinarrizko gaitasunetan, hau da, irakurtzerakoan, idazterakoan eta arazo matematikoetan.
4) Zailtasunak ditu eskuina eta ezkerra bereizteko momentuan, baita hitzak identifikatzeko eta hauek modu ordenatuan jartzeko orduan ere.
5) Mugimenduetan koordinazio falta du, bai ibiltzeko, bai kirola egiteko, baita oinetakoen zinta lotzeko momentuan.
6) Materiala galtzeko erraztasuna du.
7) Denbora kontzeptua ulertzeko zailtasunak ditu: atzo, gaur eta bihar nahasten ditu.
8) Oso erraztasun handiz haserretzen da.

Nahiz eta aurrerago gai honi buruz sakonago landu, diapositiba hauek laburpen bat eskeintzen dute, ikaskuntza prozesuaren arazoen historiatik hasita, arazo motak azalduz, dislexia, diskalkulia, disgrafia eta garuneko arazoak zer diren azalduz, hauek nola antola daitezkeen eta zeintzuk faktorek parte hartzen duten azalduz eta azkenik kausak emanez:


http://www.slideshare.net/guest975e56/dificultades-del-aprendizaje-1-405276

Ikaskuntza prozesuan zailtasunak


Teoria hauek oso ondo daude garapenaren eta ikaskuntza prozesuaren bidea hobeto ezagutzeko, hala ere, bide luze horretan arazoak ager daitezke. 3 teoria daude Ikaskuntza prozesuaren gabeziak zergatik ager daitezkeen azaltzen dituztenak:
1) Teoria neurofisikoa: Neurofisiologia aztertzen dutenek, garuneko alderdi bakoitzak ikaskuntza prozesuan duen egitekoa aztertzen dute. Doman, Spitz, Zucman eta Delacato (1967) aztertzaileen arabera, burmuineko gaitzen bat duten gizabanakoek garapenean eta ikaskuntzan ez dute eboluziorik izango.
2) Teoria genetikoa: Arazo batzuk belaunaldiz belaunaldi transmititzen direla dion teoria da hau.
3) hutsuneen eta atzerapenen teoria: Kasu hauetan atzerapena dago heldutasunean eta honekin batera adimenean. Arazo hau duten ikasleek atzerapen larriak izango dituzte akademikoki, memorizazioa eta ezagutzaren antolaketa egiterakoan zailtasunak izango dituztelako.

Ikaskuntza prozesua eta teoriak

Ikaskuntza prozesuaren bitartez gaitasunak, trebetasunak, ezagutzak, jokabideak eta baloreak eskuratzen dira, ikerketa, esperientzia, heziketa, arrazoiketa eta behaketa direla medio. Ikaskuntza prozesua gizakiak duen funtzio mentalik garrantzitsuena da, eta hau, jasotako heziketarekin eta garapen pertsonalarekin lotuta dago; hau da, prozesu honetan, gizabanakoak esperientzien eta ikasketa desberdinen bitartez bere izaera behin eta berriz aldatzen du. 

Informazioa hartu, prozesatu, ulertu, eta azkenik, testuinguru desberdinetan erabiltzen duenean, ikaskuntza prozesua eman dela esan daiteke. Honetaz gain, eta denbora aurrera joan ahala, informazio hau analizatzeko, sintetizatzeko eta baloratzeko gaitasuna ere lortuko lirateke. Prozesu hau testuinguru sozial eta kultural desberdinetan ematen da, eta horregatik, gizabanako bakoitzak eskema mental desberdinak ditu.

Guzti hau lotuta dago memoriarekin, eta nola ez, garunarekin. 3 sistemen interakzio etengabea gertatzen da: afektibitate sistema, sistema kognitiboa eta sistema adierazkorra. Ikaskuntza prozesu hau eman ahal izateko, 4 faktore garrantzitsu eman beharko lirateke: adimena, hasierako ezagutzak, esperientzia eta motibazioa. Guzti hauek badaude, ikaskuntza prozesua aberatza izango da. Aldi berean, prozesu desberdinak daude, non ikasleek operazio kognitibo anitzak egiten dituzten: datuen hartzea, informazioaren ulermena, informazio hau denbora luzez gordetzeko ahalmena eta ezagutzen transferentzia. 

Pedagogiak, ikaskuntza mota desberdinak daudela esaten digu, besteak beste: hartzailea, aurkikuntzazko ikaskuntza, errepikapenaren bidez sortzen den ikaskuntza eta ezkutuan dagoen ezagutza. Eta psikologiak 2 teoria desberdin daudela adierazten digu:Alde batetik teoria konduktista (Pavlov-en baldintzapen klasikoa, Skinner-en konduktismoa eta errefortsua) eta teoria kognitiboa (Bruner-en aurkikuntza bidezko ikaskuntza, Ausubel eta Novak-en ikaskuntza esanguratsua, kognitismoa, Piaget-en konstruktibismoa eta Vigotsky-ren sozio-konstruktibismoa).

Baina zer gertatzen da prozesuaren momenturen batean hutsen bat badago? edo ikaskuntza prozesua gertatzeko baldintzak egokiak baldin ez badira?

jueves, 20 de octubre de 2011

Garapena eta ikaskuntza prozesuaren teoria batzuk

L.S Vygotski-k Aprendizaje y desarrollo intelectual en la edad escolar artikuluan azaltzen duen moduan, umearen garapen eta ikaskuntza prozesua 3 kategoriatan bana daiteke:

1) Ikaskuntza prozesua eta garapena bakoitza bere aldetik doaz: Piaget-ek esaten duen moduan, umearen pentsamenduaren garapena, ikaskuntzaren prozesutik bereizita doa. Orduan, teoria honen arabera, ikaskuntza kanpo prozesu bat da, eta nahiz eta garapenean parte hartze aktiboa ez izan,eta honetan aldaketarik ez sortu, ikaskuntzak garapenaren emaitzak erabiltzen ditu. Eskola garaia amaitu baino lehen, garapen prozesua heltze maila konkretu batera heldu behar da,umeak ezagutza eta ohitura batzuk hartu ahal izateko. Hau lortu eta gero, ezagutza lortzeko ez da arazorik egongo.

2) Ikaskuntza garapena da: James-en arabera, hezkuntza honela definitu daiteke: portaera, ohituren eta ekintzen antolakuntza bat. Honek dion arabera, garapena ekintzen metaketa da. Teoria honetan, garapena eta ikaskuntza prozesuak paraleloki doaz,orduan, ikaskuntzaren etapa bat, garapenaren etapa batekin erlazionatuta egongo da. Beste teoriarekin konparatuz, hemen, aldiberekotasun bat egongo litzateke.

3)Teoria honek, aurreko bi teoriak batzen ditu, orduan, garapenaren teoria dualista da. Adibide moduan, Koffka-ren teoria daukagu. Honek dion moduan, umearen garapen mentala 2 prozesuek karakterizatzen dute, lotuak dauden arren eta elkar eragina duten arren, izate desberdinak dituztenak. Ildo honi jarraituz, teoriak esaten duen moduan, alde batetik heltze prozesua egongo litzateke, nerbio-sistemak baldintzatzen duena, eta beste alde batetik, ikaskuntza egongo litzateke, garapenaren prozesua izango litzatekeena, Koffkaren esanetan.

3 teoria hauek indarrean dauden arren, badaude beste teoria batzuk, hauen alde edo kontra egiten dutenak, edo beste hari bat jarraitzen dutenak. Psikologoen eta pedagogoen esanetan, adibidez, garapenean zehar eskuratutako ezagutzek, gaitasunak gehitzen dituzte. Gaitasun hauen artean, behaketa, arreta, memoria eta arrazoitzeko gaitasuna egongo lirateke. Diotenez, gaitasun bat hobetuz gero, gainontzeko gaitasun guztiak garatzen dira, eta honekin batera bakoitzaren ahalmenak ere garatzen dira.

jueves, 13 de octubre de 2011

Nire blog-aren nondik norakoa

Blog honen bitartez, ikasleen munduan sartuko naiz, zehatzago esanda, ikasleek ikasteko orduan izan ditzaketen arazoak aztertuko ditut. Ikasle guztiak berdinak ez direla abiapuntu izanda  eta askok gabeziak izango dituztelakoan, hau azaldu nahiko nuke. Nire ustez, irakasle modura arazo (askotan fisikoak eta askotan psikologikoak) hauek lehenbailehen diagnostikatu behar ditugu, horrela, honi konponbidea eman eta ikasleak ahalik eta normaltasun handienarekin garatzen joan ahal izateko.

Nire aurkezpena

Kaixo, ni Itsaso naiz, 25 urte ditut, Bermeotarra izatez baina orain dela bi urte Bilbora joan nintzen bizitzera. 2008 an Ingeles Filologian Lizentziatu nintzen eta lanean nabil orduz geroztik, Bigarren Hezkuntzan Ingelera klaseak ematen. Hezkuntza mundua gustukoa dudanez, Lehen Hezkuntzako Gradua ere egitea pentsatu nuen, horrela, mundu honetan aukera gehiago eduki ahal izateko.