domingo, 13 de noviembre de 2011

Amaiera

Blog honi amaiera ematearren bideo hau erakustea gustatuko litzaidake. Hemen, nahiz eta dislexian bakarrik zentratu, lan honetan aipatutako gainontzeko ikaskuntza arazoetan ere baliagarria izan daiteke. Lan hau eginda gero arazo hauen exintentziaz ohartu naiz, eta irakasle bezala hauek aurreikustea zeinen garrantzitsua den azpimarratu nahiko nuke. Ikasle askoren mugak hautsi ditzakegu eta hauei etorkizun aberasgarriago bat eman. 
Gure esku dago baita beti metodologia berdina guztientzat erabili, edo metodologia desberdina erabili egoera desberdinetan eta ikasle desberdinekin. Honen arabera ere, gure lana gure ikasleentzat emankorragoa izango da ala ez.
http://www.dailymotion.com/video/xkfm9i_dislexia-podemos-ensenarle-como-el-aprende_webcam - tik ateratakoo bideoa

Irakaslearen garrantzia arazo hauen aurrean

Ikasle guztiak berdinak ez direla kontuan hartuta, irakasleak ezin pentsa dezake talde homogeneo bat duela. Ikasle bakoitzak bere berezitasunak dituela jakin behar du irakasleak, eta berezitasun hauek aztertu behar ditu. Baliteke, ikasle hauen artean, ikaskuntzan arazoren bat duen ikasleren bat edo batzuk izatea, orduan, adi egon behar da hauek arin diagnostikatzeko eta laguntza emateko. 

Zer egin dezake irakasleak horrelako ikasle batekin topo egiten badu?

Lehenik eta behin, daukan arazoari buruzko informazioa bilatu beharko du, arazoak zertan datzan eta zein berezitasun dituen jakiteko. Honekin batera, eskura dituen baliabideak eta estrategiak antolatu beharko ditu ikasle honi eskeini ahal izateko. Arazoaren nondik norakoak aztertu eta gero, ikaslearen motibazioak, gustoko gauzak eta interesa pizten dizkion gauzak aztertzera pasatuko gara. Eskeinitako baliabideak bide honetatik eramanda ikaslea pozik egongo da proposatutako ariketekin. Hala ere, irakasleak bakarrik ezin dio arazo honi konponbidea eman, orduan, profesionaletara jo beharko du informazio gehiagoren bila, eta agian, irakats metodo desberdinen bila ere bai. 

Irakats metodoen artean, hona hemen aholku batzuk:
  1. Ariketak luzeak badira, hauek zatitu beste ariketa laburragoetan., eta azalpenak idatziz eta ahoz eman.
  2. Ariketa hauek burutzeko denbora gehiago eman.
  3. Irakurketa arazoak dituzten ikasleei aholkatu grabaziozko testuak entzuten. 
  4. Entzute arazoak baldin baditu, utziozu alboan daukan ikaslearen notak kopiatzen edota gelan grabagailua erabiltzen.
  5. Idazteko arazoak dituen ikasleari utziozu ordenagailu berezia erabiltzen, ortografia akatsak zuzentzeko zuzentzailea daukana, edota ahotsa ezagutzeko programa daukana. 
  6. Erakutsiozu bere kabuz antolatzen baita ikaste teknika desberdinak ere. 

    Ikaslearen portaera desegokia, ikaskuntza arazo hauek direla eta.

    Umearen garapenaren fase desberdinen artean, honek egoera desberdinetan portaera egokia izatea dago, baita bere adineko bai beste adin txikiagoko edo nagusiagoko pertsonekin elkar ekintzetan egontea ere. Garapen hau egokia izanez gero, autoestimua ere hobeagoa izango du eta osasun mentala ere hobea izango du. Orokorrean, umearen garapena harmonikoa izan ohi da, paralelotasun bat agertzen bait da honen garapenean. Ondorioz, ingurugirora hobeto moldatzeko aukera ematen dio honek, eta horrela bere portaera ere iragarri daiteke.

    Hala ere, ez da beti horrela gertatzen. Ume asko daude hauen garapena ez dena harmonikoa, honek kognizioan eta portaeran eragiten duelarik eta garapen desorekatua duten umeak izanik. Aurrerago ikusi bezala, desoreka hau garapenean eman beharreko aurrerapausoa eman ez denean geratzen da. Desoreka hauek ez dira ematen umearen adimen faltagatik, ezta atzerapen mentalik dutelako, ezta ere gabezia sentsoriala dutelako. Desoreka hauen kausak askotan ez daude aurkituak, aldagai desberdinak izan ditzaketelako. Arazo hauek dauzkaten umeek ere desberdin sufritzen dute, arazo mailaren arabera berezitasun batzuk edo beste batzuk baitituzte.

    Goian esandakoaren haria jarraituz, garapen desorekatua duten umeek sarritan portaera desegokia erakusten dute. Gure errealitatean geroz eta kasu gehiago ematen dira, portaera txarrak ikusten direnak. Honek ardura handia sortu du hezkuntza komunitatean. Portaera desegoki hau normalean ez da ematen umeak honela nahi duelako. Barruko indar bat da, umeak ez daki hau nola eraman eta modu desegokian kanporatzen du. Arazo hauek sozialak, familiartekoak, biologikoak, psikologikoak edota pedagogikoak izan daitezke. Honen zergatia aztertu behar da, diagnosi bat egin, bere portaeraren bitartez umeak zerbait komunikatu nahi digulako. 

    Irakasleok ekintza hauek ematen direnean esku hartu beharko genuke:
    1. Ikaslea arriskuren baten jartzen denean.
    2. Umearen psikologiarentzat kaltegarria izan daitekeenean, baita gainontzekoentzat ere. 
    3. Gehiegizko asaldura sortzen denean, kontrolaren galtzea edota kaosa.
    4. Eskola programa behin eta berriz zapuzten duenean eta hau jarraitzea ezinezkoa denean.
    5. Bere eta gainontzeko ikasleen eskola materiala edo gauzak apurtzen dituenean.
    6. Ikasle taldean ezkortasuna sortzen duenean.
    7. Eskola barruan edota kanpoan borroka sortzen duenean.
    8. Bere burua kontrolatzeko gai ez denean haserre dagoenean.
    9. Mehatxuak esaten dituenean.
    Hau gertatzen denean, umeak terapia beharra duen seinale da, psikologo edo psikopedagogo baten laguntzaz, esan bezala, barruan duen desoreka atera beharra dagoelako.

    martes, 8 de noviembre de 2011

    Talentu aparteko ikasleak

    Talentu aparteko umeak direnek, adimen maila handia dute, beraien garaiko umeekin konparatuz gero. Hauen adimen-konzientea 130 punto baino altuagoa da, normalean 100 puntu direlarik, David Wechsler-en eskalan. Ume hauek, adimen anitzeko teoria jarraikiz, adimeneko esparru guztietan edo ia gehienetan garapen handia dute, gainera, sormen handia dute eta izaera ere bereizgarria izaten dute. Honen kausa herentzia dela esaten dute aztertzaile batzuk, X kromosomaren herentziaz. 

    Orokorrean, nahiz eta talentu aparteko ume guztietan agertu ez, hauek lirateke talentu aparteko umeengan ikusi diren berezitasunak:
    1. Gelako gainontzeko ikasleek baino ezagutza sakonagoa eta zabalagoa dute, eta ezagutza hau oso modu bizkorrean barneratzen dute.Ikasteko estrategien erabilera ere oso erraz barneratzen dute, oso arin irakurtzen dute eta memoria oso ona dute.
    2. Ikasitakoa testuinguru desberdinetan erabiltzeko erraztasuna dute eta antolatzeko gaitasun handia dute.
    3. Beharrezko informazioa barneratzeko erraztasuna dute eta momenturo beraien garapena autoebaluatzeko ohitura dute. 
    4. Erronkak aurrera eramateko jakin-nahia izaten dute, eta ariketa hori amaitu arte ez dira lasai gelditzen. Alderantziz, ariketa errazak eta errepikakorrak egiterakoan aspertzen dira.
    5. Normalean, oso arin hasten dira hizketan, hiztegi landua erabiliz eta esaldiak ere landuak eginez. Helduen hizkuntza ulertzeko gaitasun handia erakusten dute, ondorioz, beraien hiztegia ere sakontzen dute.
    6. Metaforak  eta analogiak erabiltzen dituzte asmatutako istorio eta abestietan, ironia ere ondo erabiltzen dakitelarik. Sortzeko ahalmen izugarria dute, fantasia asko agertuz beraien sorkuntzetan.
    7. Beraien usteak malguak dira, eta arazoei konponbide desberdinak emateko gai dira.
    8. Gainontzeko pertsonenganako sentzibilitate handia dute, eta oso enpatikoak dira. Pertsonen egoera pertsonala ulertzeko gaitasuna ere handia dute, eta arazoren bat egonez gero, arazo horren zergatia intuitzeko gaitasuna dute.
    9. Oso arin ikasten dute arauak dituzten jokoetara jokatzen. Honez gain, erregela berriak asmatzeko eta hauekin jolasteko gaitasuna dute.
    10. Lider naturalak izaten dira talde batean, erantzukizun handia hartzen dute beregain gauzak ondo egiteko eta elkar eraginetan ere erraztasun handia izaten dute.
    11. Moralarekiko eta justiziarekiko sentzu zabala dute, autokontzeptua ere oso arin garatzen dute, eta ondorioz, besteekiko desberdinak direla antzeman egiten dute.
    12. Perfekzioa lortzeko ohitura erakusten dute eta bere buruari helburu zailak lortzea exijitzen die.
    Ume hauen garapena asinkronikoa izan ohi da, hau da, adimenak garapen arinagoa du, handitze fisikoak baino. Gainera, garapen kognitiboa eta garapen emozionala ere momentu desberdinetan garatzen dira. Ume hauek, mundua beste modu batera ikusten dute, ondorioz, gatazka sozialak eta akademikoak izan ditzakete.

    Ikasleek talentu aparta izatea ez da berez ikaskuntza arazo bat, hala ere, kontu handiz tratatu behar da, arazoak ekiditeko. Hauek daukaten arazoa da, ez dutela beharrezko estimulo intelektualik jasotzen eskolan. Honen kausa bat izan liteke irakasleek lan handiegia dutela gainontzeko ikasleekin hauei denbora gutxiago eskeiniz, eta baita ez dutela hauek motibatzeko eta hauei irakasteko baliabide edo formaziorik. Motibazio falta honengatik eta gelan aspertu egiten direlako, lehen arazo ez zen talentu hau arazo bihur daiteke. Hori dela eta, ume hauek eskola porrota  izatea ez da hain arraroa. Beste arazoetako bat hauen perfekziorako ohitura izan daiteke. Ondo eginda dagoena hobetzeko obsesioa, honek lanak garaiz ez entregatzera eramaten du, edo zerbait amaitutzat ematen dutenean ez daude kontent egindako lanarekin. Hartu-eman sozialetan ere arazoak izan ditzakete, hasteko mundua desberdin ikusten dutelako, eta horrek borrokak izatera eraman ahal duelako, hau kontrolatzen ez bada. Gainera, behin eta berriro besteek esandakoa zuzentzeko joera dute, eta hori jendearentzat atsegina ez dela ulertzen ez badute ere, arazoak izan ditzakete.

    Hemen, talentu aparteko umeen inguruko garapenaren taula bat agertzen zaigu, ezaugarriekin.

    http://18materia.blogspot.com/p/hasiera_26.html - blogetik ateratako taula.
    Bideo honetan 12 urteko mutil bat daukagu. Mutil honek Bigarren Hezkuntzako ikasketak amaituak ditu, eta bere ama-hizkuntzaz gainera, beste hizkuntza batzuk ere ikasiak dauzka:

    http://www.youtube.com/watch?v=1pcl60YuxUo&feature=related

    lunes, 7 de noviembre de 2011

    Lotsa

    Orain arte, ikasle bat lotsatia izatea ez da azterketarako kausa izan, ez baita arazo larri moduan ikusi. Beti uste berdina izan da, hau da, adinaren arabera lotsa pasatuko zaiola, eta ez dela tratatu beharreko arazoa. Ume lotsatia, lotsatia ez den beste batekin konparatuz gero, hauek lasaiagoak izaten dira, hitz gutxikoak, beldurtiak, besteekin elkarrizketak ekiditen dituena, ez duena arazorik sortzen, orduan, ez du laguntza profesionalik behar. Hala ere, ume hauetan gertatzen ari dena hau da; ez dira gai daukaten beldurrak, arazoak, galderak... kanporatzeko, guztia barruan gordetzen dutelarik. Hala ere, denbora labur batetik aurrera ikusi izan da lotsa uste izan den baino arazo larriagoa dela; honek beldurra, antsietate egoerak, depresioa... ekarri litzakeelarik. Gaur egun, inork ez du dudan jartzen arazo hau ere profesionalen bidez tratatu behar dela, etorkizunean muga pertsonal, familiar edota akademikoak izan nahi ez badira.

    Ume lotsatiek gizarteratzeko arazoak izaten dituzte. Haur eskolatik hasita heldutasunera arte, gizarteratze prozesuan parte hartu beharko luke gizakiak, eta hau gertatzeko beharrezko herramintak garatzen ez badira, muga askorekin aurkituko da etorkizunean.

    Ikaslea lotsatia dela erakusten diguten sintoma batzuk:
    1. Besteekin elkar eragiteko beldurra edo gabezia: Bere gelakoekin, eta askotan nagusiekin elkar eragiteko zailtasunak edo gabeziak erakusten dituzte.Ez dute gelan parte hartzen, ezta galdetzen ere, eta dinamiketan parte hartzeko ez dute lehen pausua ematen. Talde baten menpean daude, asertibitate gutxiko ikasleak dira eta segurtasun eza erakusten dute askotan.
    2. Portaera beldurtiak edo antsietatezkoak: Norbaiten aurrean, adin berekoa edo ez, aurpegia eman behar duten egoeretan beldur eta antsietate sentimenduak datorzkie; adibidez, gelan ozen irakurri, arbelean ariketaren bat egin, gelako ariketak zuzendu... Honen ondorioz, dardara, izerdia, gorritzea, totelka hitz egitea... datoz. Honen gainean ikasleak autokontrolatzen ikasten ez badu, sentimendu hauek eragiten dizkion egoera asko ekidin egingo ditu, eta hor hasiko dira bere muga akademikoak adibidez.
    3. Bere autoestimuari buruzko arazoak: Ume lotsatia sufritzen ari den umea da, eta honek arazo afektiboetara eraman dezake hau, autoestimu bajua, gutxietsi egingo du bere burua eta honek defentsa gabe utziko du depresio uneak gainditzeko. 
    Ikasleak sufritzen duen lotsaren mailaren arabera, lotsa txikia edo grabeagoa den lotsa egon litezke. Lotsa txikia denean, umeak horrekin bizitzeko ahalmena izango du, eta nahiz eta batzuetan txarto pasa, denborarekin eta laguntzarekin horren kontrola hartzen ikasiko du. Hala ere, arazoa haratago badoa, arazo honi ez  zaio lotsa deituko fobia soziala baizik.

    Nola lagundu diezaiokegu ikasle lotsati bati?
    1. Bere lotsaren zergatia aztertu behar dugu. 
    2. Egoera berrien aurrean ez dugu ikaslea behartuko. 
    3. Ez dugu ikaslea barregarri utziko gelan, ez dugu desberdina dela adieraziko eta ez dugu beste ikasle batzuekin konparatuko.
    4. Ikasleak gure laguntza baduela sentitu behar du, baita bere arazoa zein den badakigula ere.
    5. Konfiantza eta berak behar duen denbora emango diogu. Motibatu egin beharko dugu egoera berrien aurrean.
    6. Arazoa naturaltasun osoz tratatuko dugu.
    7. Lagunak lehenago egiteko egoerak sortuko ditugu gelan. 

      sábado, 5 de noviembre de 2011

      Hizkuntza arazoak

      Hizkuntza arazoetaz hitz egiten dugunean, bi mota aurki ditzakegu; alde batetik ikasleak mezuren bat adierazteko orduan hau adierazteko arazoak edo ezintasuna (adierazpen arazoa) eta beste alde batetik, besteek esandakoa hauentzat ulergaitza izatea (hartze arazoa). Ikasle batzuek arazo bat edo bestea izan dezakete, baina badaude bi arazo hauek dituztenak ere. 

      Hizkuntza modu naturalean garatzen hasten den ezaugarri bat da, eta hori honela izateko, umeak hizkuntza hau entzun, ulertu, ikusi eta  gogoratu egin behar du. Proto hizkuntza deritzoguna hizkuntza baino lehenago sortzen den umeen berariazko hizkuntza da, non, umeek soinuak ateratzen dituzten, hitz egiten baleude bezala. Hala ere, kasu batzuetan hau ez da gertatzen, azterketen arabera, 20 umetik 1ek ezintasunak ditu honetarako. 

      Hartze arazoak daudenean, 4 urtetik aurrera hautematen da hauek daudela, eta kausak ez daude argi. Arazoa bikoitza denean (hartzea eta adieraztea) garuneko lesioren bat egon daitekeen seinale da. Askotan, garapen arazoak dituzten umeetan agertzen dira hizkuntza arloan arazoak, adibidez, autistak diren umeetan eta hipoakusia duten umeetan. Hizkuntza arazoaren kausa beste bat ere izan liteke, nerbio sistemarekin lotura duena eta afasia deritzona. Arazo hauek dituzten umeek ez dute zertan adimen arazorik izan behar.

      Nola hauteman dezakegu ume edo ikasle batek hizkuntza arazoak dituela? Ondorengo zerrendan agertuko diren sintomak erakutsiko ditu, batzuetan hauetako bat, edo batzuk izan daitezkeelarik:

       Hartze arazoak dituzte umeek honako sintoma hauek izan ditzakete:
      1. Besteek esandakoa ulertzeko zailtasunak.
      2. Adierazpenak jarraitzeko ezintasuna.
      3. Pentsatzen ari dena antolatzeko zailtasunak.
      Adierazpen arazoak dituzten umeek honako sintoma hauek izan ditzakete:
      1. Egindako esaldietan hitzak batzeko zailtasunak izatea, esaldi oso sinpleak egitea eta hitzen ordena egokia ez izatea.
      2. Zerbait adierazterakoan askotan beharrezko hitzak esateko zailtasunak eta "e,e,e..." bezalako hitz betegarriak erabiltzea.
      3. Adin horretarako beharrezko lexikoa baino lexiko pobreagoa izatea.
      4. Behin eta berriro esaldi berdinak erabiltzea eta erantzun beharreko galderetan agertzen diren hitzak erabiltzea.
      5. Aditz denborak txarto erabiltzea.
      Arazo hauen ondorioz, gizarteratze arazoak izan ditzakete ikasle hauek. Horren ondorioz, portaera arazoak sor daitezke.
      Arazo hauek daudela hautematen denean, hartze eta adierazte azterketa batzuk egiten zaizkio umeari, hauek, logopeda, hizkuntza terapeuta eta neuropsikologo batek gidatuta.
       
      Bideo honetan, hizkuntza tratamentuan umeek logopedara doazenean egiten duten ariketa bat ikusi dezakegu. Kasu honetan, Rosty izeneko txakurrak R hizkia duten hitzak ondo esaten laguntzen die umeei.

      Logopedia infantil from Jenny Guerra Hernández on Vimeo.

      viernes, 4 de noviembre de 2011

      TDAH

      Gazteleraz "Trastorno por déficit de atención con hiperactividad" deituriko arazoak neurobiologian eta genetikan du kausa. Arazo hau ikasleen %5 - %10ek sufritzen dute, gehienbat mutilak direlarik hau sufritzen dutenak. Arazo neurologiko bat da hau, portaeran eragiten duena, eta aditasuna denbora laburrago edo luzeago batez galtzera eramaten duena. Honez gainera, egonezina ere erakartzen die ikasleei, baita ezegonkortasun emozionala eta portaera oldarkorra ere. Denbora luzez arreta mantentzeko ariketa bat egin behar badute, hau da, irakasleari entzun, testu luze bat irakurri edo idatzi, ariketa berdinak behin eta berriro egin... hauen sintomek txarrera egiten dute. Arazo honek tratamentua daukan arren, psikiatra batek bideratzea ere eskatzen du. Normalean, arazo hau duten ikasleek nagusitan ere izango dute.

      Badaude sintoma batzuk aurreikusi ditzakegunak ikasleak arazo hau duela suposatzeko: 
      1. Oso goiz hasten dira oinez, eta oso bizkor dabiltza.
      2. Irakurtzen, idazten eta matematika ariketak egiten hasten direnean arazoak dituzte, ezin baitute arreta mantendu. 
      3. Arreta faltagatik ez dute egin beharrekoa ondo egiten, beti akatsak dituzte.
      4. Klasean eserita egon behar direnean aulkitik altxatzeko joera daukate.
      5. Norbaitek hitz egiten diotenean, ez entzuteko joera dute, edo urduri sentitzen dira.
      6. Ez dituzte egin beharrekoaren argibideak jarraitzen eta askotan ez dute hau arrakastaz bukatzen.
      7. Zailtasunak dituzte dinamika lasaiak egiteko momentuan, baita hauek antolatzeko momentuan ere. 
      8. Hitz asko egiten dute.
      9. Askotan ariketak egiteko beharrezko gauzak galtzen dituzte.
      10. Norbaitek galdera bat egiten dionean, galdera hau amaitu baino lehen zakartasunez erantzutea.
      11. Ezin dute beraien txanda heldu arte itxaron.
      12. Behin eta berriro klase dinamika eteten dute.
      Ikasle hauek nagusitasunera heltzen direnean, arazoak izango dituzte ikasketa akademikoekin jarraitzeko eta bizitza profesionala aurrera eramateko ere. Sozialki eta emozionalki ere ez dira egonkorrak izango, lagunartea behin eta berriro aldatuz, baita bikotea ere. Askotan erakutsiko dute portaera oldartsua eta gatazkatsua. Guzti honen ondorioz, depresio momentuak izango ditu. Hala ere, eta arazo hau txikitatik esku onean jarriz gero, egunerokotasunaren parte ere izan daiteke, arazo gutxiago emanez.